Aurten, pandemiaren, beldurraren eta ziurgabetasunaren bi urteren ondoren, normaltasunera itzuli gara, eta orain, bizi izan dugun guztiak herritarren buru osasunean izan dituen ondorioak ikusten ari gara. 2020. urteko konfinamenduaren ostean, osasun mentalari lotutako arazoak areagotzen hasi ziren. Espainiako Estatitistika Institutuaren datuen arabera, biztanleriaren % 5,4k bazuen depresio-koadroren bat, eta horrek emakumezkoei gizonezkoei baino gehiago eragiten zien. Gainera, antsietate eta estres mailak nabarmen igo direla ere ikusi da. Gazteen artean, kopuru hori 2 pertsonatik 1ekoa da. Argi dago pandemiak buru osasuneko arazoen areagotzea eragin duela, eta aldez aurretik zeuden buru osasuneko arazoen katalizatzaile gisa ere jardun duela, eta horrek hirugarren sektoreko erakundeok kezkatzen gaitu.
Badakigu gaixotasun mental batzuk saihestu daitezkeela. Garrantzitsua da eskoletan haurrei eta nerabeei zuzendutako prebentzio-programak garatzea; izan ere, bizitzako une horretan hasten dira buru nahasmendu gehienak.
Era berean, beharrezkoa da buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzat gizarte- eta osasun-zerbitzuetako plazak ugaritzea, baita pertsona horiekin lan egiten duten psikologoen, hezitzaileen, gizarte langileen eta abarren kopurua handitzea ere. Hitz batez, buru osasuneko arloari zuzendutako baliabide ekonomiko gehiago behar dira. Aiaraldea osoan helduentzako bi psikiatra, adingabekoentzako psikiatra bat eta helduentzako psikologo erdia dugu. EZ da nahikoa. Hitzorduen arteko itxaronaldiak luzeegiak dira, pertsona batzuek ezin dute hamabost egun itxaron artatuak izateko, eta hori kasurik onenean.
ASASAMen urtero pertsona gehiago artatzen ditugu, langile kopuru berarekin. Egoera hau ezin da denboran zehar mantendu. Administrazio publikoek finantzaketa handitu behar dute gure eskualdean. Izan ere, baliabideak Gasteizen zentralizatzen ari dira. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak adierazten duen hurbiltasun-printzipioa gorabehera, Aiaraldeko errealitatea oso ezberdina da. Horren adibide da eskualdean buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzat 3 ostatatze-plaza baino ez egotea. ASASAMek urteak daramatza Aiaraldean ostatatze-plaza berriak sortzea eskatzen. Izan ere, gure ustez ez dira hurbiltasunaren, orekaren, eta lurralde-homogeneotasunaren printzipioak betetzen. Aipatutako legearen arabera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzuen hedapenak “ahalik eta erabiltzaileak beren ohiko gizarte-ingurunean integratze aldera hurbilekoenak izango direla” bermatu behar du. Azken urteotan, Aiaraldean bizi diren eta buru osasuneko gaixotasunen bat duten pertsonek Gasteizera alde egin behar izan dute, laguntza-baliabideak dituen etxebizitza bat eskuratu ahal izateko. Gaur egun, oraindik ez da abian jarri eskualdean ikuskapen handiko etxebizitza, eta baliabide horren eskariak gora egiten jarraitzen du.
Buru osasunean interesa duen edonor animatzen dut ASASAMera hurbiltzera eta gurekin kolaboratzera.