Maderas de Llodioko langileek 150 greba egun baino gehiago daramatzaten honetan, Tubos Reunidoseko 301 langile kaleratze arriskuan daudela jakin dugu. Etengabekoak bihurtzen ari dira patronalaren kolpe eta erasoak, Aiaraldeko etorkizuna suntsitzeko egiten ari diren ahaleginak. Baina zorionez, eskualde honetan oso ondo dakigu elkartasuna zer den, eta etengabekoak bihurtzen ari dira ere jasotzen ditugun kolpe guztien aurrean erantzun kolektiboa emateko mobilizazio eta ekimenak, hau ez delako Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko langileen kontrako eraso bat bakarrik, hau eskualde oso baten kontrako mehatxua da.
Aurtengo martxoaren 3an 50 urte beteko dira Francoren oinordeko erregimenaren indar armatuek, Gasteizen, 5 langile erail zituztenetik, haien eskubideen defentsan eta lan baldintza duinen alde kaleak hartzeagatik. 50 urteren ostean, ohikoak izaten jarraitzen dute langile klasearen kontrako politika eta erabakiak, eta baita langileon borroka kriminalizatzeko eta hori geldiarazteko mekanismoak ere. Horren adibide argia da gure eskualdea. Duela 50 urte, Gasteizen gertatutako sarraskia salatzeko egindako greba orokorra zapuzteko tiroka agertu zen espainiar polizia Laudioko kaleetan, eta kolpeka agertu zen euskal polizia delakoa Tubacexeko grebalarien kontra, eta baita Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko grebalarien kontra, Ramiro Gonzálezek, Arabako ahaldun nagusiak, Aiaraldeko etorkizunaren inguruan hitz egiten zuen bitartean, orainari entzungor, eskualdeko langileei bizkarra emanez.
Borrokarako arrazoiak berdinak izaten jarraitzen dute 50 urteren ostean, eta gazteok, orain arte egin izan dugun bezala, lehen lerroan egongo gara. Horregatik, 1976ko martxoaren 3 hartan egin zuten bezala, lan eta bizi baldintza duinen alde kaleak hartzen jarraituko dugu, Gasteizen eraildako 5 langileei egin ahal diegun omenaldirik onena borrokan jarraitzea delako. Kaleak hartuko ditugu martxoaren 3an, memoria eta borroka ozen oihukatuz, eta kaleak hartuko ditugu martxoaren 17an, gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrean, sektore zaurgarrienen defentsan eta lanbide arteko gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzearen alde, hemen lan egiten dugunok, hemen erabakitzeko eskubidea dugulako.
Aiaraldean borrokarako arrazoiak soberan ditugu, ez dugulako enplegu suntsiketa gehiagorik onartuko, ez dugulako gure eskualdearen etorkizuna patronalaren esku utziko, gazteok Aiaraldean lan, bizi eta ikasi nahi dugulako, eta datorrena datorrela, eskualdearen defentsaren aldeko barrikadan egongo garelako.
Gazte, batu borrokara!