Azken urteotan, Euskal Herria eta honen ingurune naturala mehatxatzen duten proiektu ekonomikoen hazkunde esponentziala ikusi dugu. Gero eta gehiago dira, energia berriztagarrien izenean, interes ekonomiko partikularrak lehenesten dituzten industria eoliko eta fotovoltaikoen proiektuak.
Euskal Herrian eta oro har, mundu osoan ikusten ari garen joera kezkagarria da. Enpresa handiek eta inbertsio-funtsek gero eta lur gehiago eskuratzen dituzte, herritarren beharrak eta ingurumenaren babesa alde batera utzita. Eoliko eta fotovoltaiko proiektuen kasuan, badirudi helburua ez dela eredu energetiko iraunkor eta bidezko bat sustatzea, baizik eta irabazi ekonomiko handien bila aritzea.
Gainera, Euskal Herriko hainbat herritan ikusten ari garen bezala; hala nola, Azpeitia, Labraza, Valdegobia, Doneztebe, Gasteiz, Otxandio eta abar, alderdi politiko guztiak ari dira ahalbidetzen enpresa pribatuek baliabide publikoetatik errentagarritasuna ateratzea, bai lurrak eskainiz bai laguntza ekonomikoak emanez; gure ekosistemak eta gure ingurune naturalak suntsitzen dituzte zenbait enpresaren hazkundearen mesedetan. Europako, Espainiako, Frantziako, Nafarroako eta EAEko erakunde nagusiek ardura zuzena dute egoera honetan, eta horregatik, beharrezkoa da instituzioen eta alderdi politiko instituzionalen jarrera salatzea. Gure baliabide naturalak eta inguruneak ezin dira kapitalaren interesen menpe jarri.
Aiaraldean zentral eoliko eta fotovoltaikoen proiektuen ugaritzea nabarmena izan da. Jesuri/Larragorri, Ferosca I eta Ferosca II industria eolikoen proiektuak lehenik, eta orain Igebelar eta Krabelin Solar zentral fotovoltaikoak,
Hori gutxi balitz, PNV, PSOE eta EH Bildu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu nahi dute, horrek dakarren guztiarekin. Eskualdean, esaterako, beste zentral eoliko bati zabalduko lizkioke ateak, Goikogane eta Ganekogorta elkartzen dituen mendilerroan. Hainbat zentral fotovoltaiko ere eraiki ahalko lirateke Aiaran, Urduñan eta Amurrion.
Eskualde mailako borroka hau ezin da egoera orokorretik bereizi. Euskal Herriko hainbat tokitan gertatzen ari denaren adibide bat besterik ez da. Horregatik, herritarrek tokian-tokian antolatzeaz gain, maila nazionalean ere borrokatu behar dugu. Euskal Herriak ez du behar baliabideak modu basatian ustiatzen dituen sistema ekonomiko bat.
EH Bizirik plataformak martxoaren 22rako deitutako mobilizazioak argi utzi nahi du gure lurraldea ez dagoela salgai. Deialdi hau bereziki garrantzitsua da eskualdeko egoera larriaren aurrean, eta herritar guztiak animatzen ditugu bertan parte hartzera. Denok batera, gure lurraren defentsan, kalera irtetea ezinbestekoa da.