Laudion, bizpahiru mila biztanle inguru izango ziren garaian, Sillerok, horrela zuen ezizena, tren geltokitik gertu taberna zuen. Bere bezero-txikiteroen umorea, Nerbioi ibaiaren antzean, adar-jotzearen araberan mailaz igo edo jaitsiz, gaur egun burtsan gertatzen den bezala, fluktuatuz mugitzen zen.
Egunero ibilbide errepikakor etengabean, ardozale taldetxo batek zirkuituaren laugarren itzulian errepostajerako geldiunea Silleroren tabernan egin zuen. Tabernariak, ohiturari fidel jarraituz, basoak ardoz bete eta gero, buelta eman zuen pitxarra bere apalean txukun-txukun lekutzeko. Ia argiaren abiaduran kuadrillako batek zapaburu bat sartu zuen bere basoan.
Ekintzak ez zuen berbaldian etenik sortu. Hara non, kuadrillako batek, amorruz...
-Begitu egizue zer dagoen nire basoan! Zapaburu bat! - Hura zarata, oihu eta zalaparta. Denak haserre plantak Sillerori kontu eske.
-Ez dago fundamenturik! Ardoari ura bota eta bota zabiltza ezetz esan arren, lotsabako hori! - Sillero umore txarrez, zarataka alaba deitu zuen.
-Isabel zatoz hona! - Mila bider esan dizut errekako urik ez botatzeko! Horretarako bakar-bakarrik iturriko ura erabiltzeko!
Bukaeran, aipatzeak merezi ez duen txorigorriren batzuk tartekatuak joan ziren, ahozko hizkeraren bizigarri eta heziketa zaharrekoentzako mingarri. Hartan, kuadrillak debalde buzti zuen zintzurra.