Txalupa parkean

Erabiltzailearen aurpegia Mateo Pagazaurtundua 2014ko ira. 17a, 13:37

Aspaldian zendu zen Prudenzio Apraizek, Laudio eta inguruko herrietako anekdota ugari kontatzen zituen entzuteko prest zegoen edonori. Hona hemen behin baino gehiagotan entzun genion pasadizo horietako bat.

Bere ume garaietan palaziora (gaur egungo Lamuza parkea) joaten omen zen udatiarren teniseko partidetan pelota-biltzaile lana egiteko, eta normala zen bezala, ariketaren ondoren gosea-egarria piztu ahala, ospakizun eta festa ez zen falta. Horrelako jai baten, jan-edanak ondo kolkoratu eta gero, lakuan zegoen txalupan itsasoratu ziren bestakide zenbaitzuk, 40 metroko itsaso arriskutsua zeharkatzeko asmoz, aldez aurretik adar-jotzaile batek barku horren azpian lehergailu indartsua jarrita zeukan. 40 metroko itsaso zabal horren erdian eztanda burrunbatsuaren ostean, txalupa hondoratu zen.

Han ziren hangoak!! Zantzoak, irrintziak, orroak nonahi entzuten omen ziren eta, igeri ez zekitelako edo edariaren eraginagatik ( kontalariak bigarren arrazoiaren alde jotzen zuen) denak atera behar izan zituzten enbata hartatik, zango hotzak bihurtu baino lehen.

Alkoholarekin zintzurra bustitzea ez zen konposatu likidoaren kontaktu bakarra izan. Barruko hezetasun beroa hoztu beharra zegoen eta zer gozoago uretan bainu bat baino?

Ekintza horren erruduna ez zen agerian gelditu edo gutxienez informazio hori ez da guregana heldu. Norbaitek jakin minik balu kasua argitzeko, gaur egungo tresna aurreratuak erabiliz, argia eman diezaiola.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide