Benitintxuk Orozkoko Orrotegi auzotik Kubara salto egin zuen turismo agentziak nazioartera eta gurera zabaldu baino askoz lehenago. Familiak gerratik salbuetsita izateko zorro teilatupeko diru nahikorik ez zuen, eta gainera, aginte gorenean ez zuen lagunik ezta ezagunik ere. Babes horrekin, zenbaki bakarreko loteriak, aldez aurretik erabakitako zoriz eta zoritxarrez, Kubako gerran lehenengo lerroko partaidetza zuzena oparitu zion Benitintxuri. Soldaduen sufrikarioa ondo ostondurik, bikain saltzen omen zen Kubako gerra garaiko aldizkari eta egunkarietan. Frontea geldi zegoen. Intendentziak zailtasun larriak zituen elikagaiez hornitzeko Benitintxu eta kideak. Heroiak eguzki galdatan lubakietan: gosez, egarriz, egurrez eta berunez xaxaturik zuloetan mugitu barik zeuden luze. Txerri gosetiak ezkurra amets dio esaerak, hala Orrotegiko semeak eta kideek. Etsaien tontorrean letra larriz INTENDENTZIA begibistan zegoen. (Gerra kontuetan adituak ez garenontzat, intendentziak jaki-biltegia edo almazena esan nahi du).
Ezuste batean, etsaiak atzera jo eta borrokalari gosetuak ametsetako eraikuntzaren jabe egin ziren. Hara hor Intendentzia pernilez goraino beteta! Beste jakirik ez. Gosetien saldoak iruntzi egiten zuen jan baino gehiago, baina, betekada laguntzeko ez ardorik, ez edaririk ezta ur tantarik ere. Betekadaren bukaera tragikoa izan omen zen. Egarriaren egarriaz, desesperazio bete-betean, uraren bila etsaiarengana jo zuten zoroen pare... ehizaki erraz-erraza.Gure Benitintxu, ez dakigu zelan, handik bizirik atera zen. Bere txikitasunean gizon handia zen gurea.