Roman Polido pertsona on-on hutsa omen zen, lehengo berba eguneratuz, gizajo bat zela esaten zuten hangoek eta hemengoek. Laudioko enparantzan Miguel Urkijo Marurik goxo-denda, okindegia, taberna eta abar dena bat eginik zeukan, eta, taberna trust horretara hurbiltzen zen maiz gure Romantxo. Txantxak egitea gizajoen kontura ohikoa zen lehen eta baita gaur egun ere. Tabernan bizpahiru morroi, ohiko bezeroak zirenak, berbetan zeudela, batek, begi-ertzarekin ikusi zuen Roman zetorrela plazatik Marurirengana. Zer asmatuko?
- Hi, Miguel, bota egiok ozpina! - Bezero eta kuadrilaren asmoarekin bat eginez, sukaldetik ardo botila hutsa berziklatu zuen ozpinez erdi betez... eta zain geratu ziren ez ikusiaren plantak eginez.
- Arratsaldeon Miguel eta beste denoi. - Agurtu zituen Romanek sartuaz batera. Berdin Roman. Zer gura duzu? Galdetu zion tabernariak ondo baino hobeto jakin arren bere egunerokoa eta egunean maiz errepikatzen zen eskaera.
- Ardo baso bat mesedez. - Botila berezi hartatik “ardoz” bete, eta plazaren zeharkaldiaren ondoren guztiz egarriturik edo, kolpe bakar batez edan zuen Romanek. Zalantza une baten ostean, Romanek deitu zuen tabernaria aparte.
- Aizu Miguel, mesedez, etorri hona apur baten. -Barraren beste aldera eraman, eta, Romanek ia belarrira esan zion:
- Konfiantzan Miguel, uste dut ardoa apur bat pikatua daukazula. Hori esan eta tabernatik alde egin zuen prakak askatzera edo. Iluntze hartan baserriko bidea lehenago eta errezago hartu omen zuen gizonak. Nire arrebak behintzat horrela dino.