Laudioko Lusurbeiladan, Zoiloa baserrian, Roman Polido eta familia bizi ziren, tartean bere anaia Saturno. Anaiak izateaz gain, beste zaletasun grinatsu batek batzen zituen biak ala biak: zurrut egiteak, hain zuzen ere. Romanek, diruz ondo horniturik zegoen gutxi haietan, atoan, baserritik kalera arineketan egiten zuen bidea bere baserriko zereginak ahazturik.
Txanponak, kredituak eta gainontzekoak amaitzerakoan zuzen edo zeharka auzora bueltatzen zen apal-apal. Pare bat bake-egun igaro eta berriro diruaren horniketa lehen baino lehen hasten zuen. Likidoaren dei grinatsuaren indarra barruan sentitzen zuenean, inguruko auzoetan jotzen zuen aldaba. Horrelako baten Altamiraldeko atean jo aurretik, bidezidorretik zetorrela, zelatatu zuen etxeko 6 urteko umeak.
- Ama, Roman gurera dator! - oihua bota eta ama atarira hurbildu zen.
- Arratsalde on Roman. Zer gura duzu?
- Kafea hartzeko txanpon bat edo beste, pozik hartuko nuke.
- Oraintxe nator! - ama txanponaren bila joan zenean, dena entzuten egon zen ume mokoak burlati esan zion:
- Kaferik ez! Zuk dirua gura duzu ardoa edateko!
- Ez, gezurra! Nik bakar-bakarrik kafea edaten dut. Nik bakarrik kafea- azken hau dardarka esan zuen eta, jarraian, negarrez hasi zen gure auzokide sentibera.
Amak, txanponekin bueltatu zenean, gure gizonaren egonezina eta negarrak entzun zituen, harriturik. Romanek berak eman zion gertatuaren berri, hitzak ahoskatu ezinik eta intzirika.
- Lasai Roman. Badakik, umeek edozer esaten dute eta! - txakur-handiren bat eskuratu, irribarretxo eta guzti joan zen auzokoa bere kafearen bila.
Nire anaia protagonista gaixoak izango ote du gogoan?