IRITZIA

Hezkuntzaren kalitatea, gladiadoreak, eskolaren funtzioa eta Laudio Goikoa

Erabiltzailearen aurpegia Mattin Intxausti 2026ko ekainaren 3a

Laudio Goikoaren itxiera saihesteko eginiko mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

DBH2-ko tutorea naiz eta urte honetan ikasleen ahotik galderaren bat beste guztien gainetik errepikatu bada hau izan da: Zertarako ikasi behar dugu hau? Zer aportatzen dit honek bizitzan? Nik hurrengo metafora erabiltzen dut galdera horri erantzuteko: ikasleak gladiadoreekin alderatzen ditut, gladiadore hasi berri bat ikasle baten egoera berdinean aurkitzen delako, hau da, bere xedea edo aspirazioak lortzeko errekurtsorik gabe. Gladiadoreak ezpata, eskudoa zein entrenamendua bezalako errekurtsoak behar ditu bere helburua lortzeko: borrokak irabazi (aurrean aurkitzen ditugun egoera desberdinei aterabide bat eman) eta askatasuna lortzea. Ikasleei dagokionez, xede berdina partekatu arren, gladiadorearen kasuan arma zein eskudoak direnak ikasleen errekurtsoak, besteak beste, ondo komunikatzen jakitea, pentsamendu abstraktua zein logiko-matematikoa izatea, kultura orokorra izatea eta gorputzaren kontrola izatea dira. Hau horrela, gladiadoreak bere burua armatzeko edo errekurtsoz inguratzeko bere instituzioak dituen bezala, ikasleak ere errekurtso ezberdinez armatzeko bere institituzio propioak ditu, besteak beste eskola.

Hezkuntzatik inork eskatu ez dituen gailu teknologikoetan (geletako kamerak, pantaila digitalak,...) miloiak gastatu diren bitartean, oinarrizko beharretarako ez dago ez diru ez borondaterik

Urte osoan zehar aho zapore gozoarekin geratu naiz ikasleei erantzun hau ematean, ideia orokorra ulertzeko balio izan baitie. Baina, azken asteetan izan ditugun albiste zein gertaerek, zenbait galdera berri sorrarazi dizkidate eta horien erantzunak bilatzerakoan, gladiadoreen metafora mugatua dela konturatu naiz. Metafora honek eskolak gizartean betetzen duen funtzio politikoa omititu eta instituzio neutral gisara aurkezten baitu.

Horrez gain, kontatu diedan istorio polit horrek ere aste hauetan ikusten ari garen errealitate bat ezkutatzen duela konturatu naiz: Hezkuntzatik inork eskatu ez dituen gailu teknologikoetan (geletako kamerak, pantaila digitalak,...) miloiak gastatu diren bitartean, oinarrizko beharretarako ez dago ez diru ez borondaterik. 

Iritzi artikulu honetan, Laudio Goikoa eraikinaren egoera eskasa medio, egin behar diren konponketen aurrean, instituzioetatik (Udala zein Delegaritza) egon den eta dagoen immobilismo zein deskoordinazioan jarri nahiko nuke atentzioa.

Hala ere, testu honek balio dezala erro berdinetik eratortzen diren arazo guzti hauei ere ahotsa emateko: eskola eraikinetan aire girotuen faltan ez dago lan edo ikasteko baldintzarik; ikasleen ratioak altuak dira; Laudioko institutuko espazio eza dela eta, barrakoi modulo bat dugu ikastetxeko patioan; giza baliabide espezialista (psikologo, orientatzaile, PT,...) gehiago behar dira ikastetxeetan; ikasleen txango guztiak doakotasunez eskaintzeko ezintasuna dute ikastetxeetako aurrekontuek, eta abar. Laburtuz, hezkuntza publikoan eskaintzen den kalitatea behera doa. 

Eskola instituzio neutral, herritar eta apolitiko izatetik urrun, botere ekonomikoak (industria handiak, inbertsio fondoek, bankuek…) dituen beharrei erantzuten dien instituzio bat da.

Puntu honetara iritsi ondoren, uste dut erantzuleak bilatzeko ezinbestekoa dela hurrengo galdera hau planteatzea: zergatik ari da gertatzen fenomeno hau hezkuntza publikoan?

Nik, nire buruari galdera hori egin diot eta erantzun baten bila Nico Hirtt autorearen Los tres ejes de la mercantilización escolar (Eskolaren merkantilizazioaren hiru ardatzak) liburua gomendatu dit lagun batek. Liburuaren ideia nagusia hurrengoa da: eskola instituzio neutral, herritar eta apolitiko izatetik urrun, botere ekonomikoak (industria handiak, inbertsio fondoek, bankuek,…) dituen beharrei erantzuten dien instituzio bat da.

Hau da, eskola lan merkatuan eskatzen den esku-lan perfil zehatza sortzeko instituzioa da eta beraz ziklo ekonomiko bakoitzean dagoen langile profilaren beharraren arabera aldatzen da. 

Baina liburuak, hezkuntza ulertzeko marko orokorra eskaintzeaz gain, aipatutako galderari erantzun zehatzagoa emateko zenbait ideia ere ematen ditu. Besteak beste, azken hamarkadetako ziklo ekonomikoa lanpostu ez kualifikatuen (ostalari, garbitzaile, zaintzaile, biltegizain) handitze batek ezaugarritu duela aipatzen du, ogibide hauek, atera diren lanpostuen %50-60 direla argituz.

Hau horrela, hezkuntzan emandako erreformak errealitate ekonomiko horretara egokitu direla defendatzen du. Agintariek hurrengo arrazonamendua egiten baitute: etorkizunean ez baditugu horrenbeste langile kualifikatu behar, zertarako gastatu hainbeste diru hauek trebatzen?

Beste modu batera esanda, langile kualifikatuak masan heztearen beharra galtzean, hezkuntzara bideratzen den diru kopurua gutxitzen da, hezkuntzaren kalitateak garrantzia galtzen baitu. Hala, ideia zentzu batean sinplifikatuz, baina ulergarri egiteko intentzioarekin, esandako guzti honek ateak irekitzen dizkio geroz eta argiago ikusten ari garen hezkuntza eredu honi: alde batetik, nagusiki ikasleak lanpostu ez-kualifikatuetarako prestatuko dituen hezkuntza publikoa, eta bestetik, nagusiki lanpostu kualifikatuetarako prestatuko dituen hezkuntza pribatua. 

Dirua gladiadorea kalitatez armatzeko baldintza ez den hezkuntza eredua behar dugu eta ez egun duguna, horregatik egoeraren larritasunaz jabetu eta honi irtenbide bat bilatzen hasi beharrean gaude.

Hirtt-ek, beraz, Laudio non zegoen ez bazekien ere, badirudi bete-betean asmatu zuela urte hauetako hezkuntza publikoaren joera, besteak beste, Laudion zein Aiaraldean.

Liburu honen iragarpen maila hain da altua, Morrison batek OCDE-ren eskutik idatzi zuen dokumentuko hitz hauek goitik behera asmatzen baitute Hezkuntza Delegaritzak Laudio Goikoaren auziaren harira duen plana: “Eskolei eta unibertsitateei funtzionamendu-gastuak murrizten bazaizkie, ahalegina egin behar da zerbitzu-kopurua ez murrizteko, kalitatea jaisteko arriskua egon arren. Adibidez, eskolen edo unibertsitateen funtzionamendurako kredituak murriztu daitezke, baina arriskutsua litzateke matrikulatutako ikasle-kopurua murriztea. Familiek bortizki erreakzionatuko dute euren seme-alabak matrikulatzen ez badira, baina ez irakaskuntzaren kalitatea pixkanaka jaistearen aurrean, eta eskolak familien ekarpen ekonomikoa lor dezake pixkanaka eta unean-unean, edo jardueraren bat bertan behera utz dezake. Hori, lehenik, eskola batean egiten da, gero beste batean, baina ez ondokoan, eta horrela biztanleriaren atsekabe orokorra saihesten da.”

Azken hitzak. Guzti hau ikusi eta gero nik behintzat gauza batzuk argi ditut. Bat, Morrisonek argi uzten digu ikasle, familia, zein irakasleoi geratzen zaigun bidea: antolakuntza, borroka eta burokratekiko deskonfiantza.

Bi, Laudio Goikoaren arazoa teknikoa beharrean politikoa da. Hiru, borroka horretan ezinbestekoa da arazoaren erantzulea nor den argi izatea eta horretarako Hirtt-ek proposatzen duen hezkuntzaren ulerkera markoa zorrotza bezain koherentea da.

Lau, Laudio Goikoa ez dutela itxiko iragarri dute, baina meloi nagusiak berdin jarraitzen du: eraikinak baldintza duinak bete ezean ez dago ikasketa duinik. Horregatik, behar diren obretan inbertitzea eskatzeko edo arazoa errotik soluzionatzeko, borrokaren 2. fase bat zabaldu behar dugu. Hau da, tanke zein kamera gutxiago eta kalitatezko hezkuntza gehiago!

Bost, dirua gladiadorea kalitatez armatzeko baldintza ez den hezkuntza eredua behar dugu eta ez egun duguna, horregatik egoeraren larritasunaz jabetu eta honi irtenbide bat bilatzen hasi beharrean gaude. Hezkuntza; kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala behar baitugu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide