Urtero lez, Mendiko Lagunak taldeak ezagunenen artean agertzen ez den herrialde batera antolatu du bidaia, kasu honetan Armeniara hain zuzen ere. Aurtengoan 30 lagunek gozatu zuten bere leku garbi eta liluragarrien xarmaz zein milurteko monasterioez.
Mendiei erreparatuz, alde batetik, Aragats mendiko hegoaldeko tontorra (3.887m) egin zen, iparreko tontorra (4.090m) hurrengo baterako utzita, eguraldi txarraren ondorioz. Bestetik, taldeak Ajdahak (3.597m) eta Spitakasar (3.555m) mendiak ere igo zituen. Azken bi hauetan dragoiak bizi direla omen diote bertan. Gailurrak igotzeaz gain, hainbat monasterio eta gotorleku bisitatzeko denbora ere egon zen. Amberd gotorlekua, Saghmosavank, Sevanavank, Tatev, Noravank monasterioak eta Garni tenplua, besteak beste. Ugariak dira bertako monumentu arkeologikoak zein jauregiak.
Armenia kontraesanez betetako herrialdea dela diote. Benetan interesgarria da bertan murgiltzea, paisaia erabat aldatzen delako uneoro klimarekin batera, nahiz eta orokorroean kontinental lehorra izan, udan tenperatura altu baina atseginekin.
Hainbeste klima ezberdin egonda, mendi lau zein basotsuak, malda harritsuak eta haizpitarte sakonak aurkitu daitezke. Hauekin batera, goi mendietako ibai, laku eta ur-jauzi dexente topatu daitezke ere.
Armeniako hiriek kale nagusi zabalak dituzte, harri bolkanikoez egindako eraikinez inguratuta. Gainera, hiriburu den Yerevanen giro paregabea dago bai egunez eta bai gauez, taberna eta jatetxe ugari daude eta jende gaztea da nagusi. Esan beharrekoa da oso herrialde segurua dela eguneko edozein ordutan. Hortaz, aukera edukita ez izan zalantzarik bertara hurbiltzeko.