Abuztuaren 17tik 25era Alpeetan egon dira Amurrioko Mendiko Lagunak taldeko kideak. Zehazki, Les Ecrinseko ibilbidea osatu dute. Orotara 5 aterpetxetan izan dira. "Eguraldi aurreikuspena onena ez zen arren, zortea izan dugu. Bidaiaren onena, baina, giroa izan da, eta gazteen parte hartzea. Gauero mahai bueltan euskal kanta zaharrak abesten ibili gara". Azken egunean, berriz, raftinga egin zuten.
"Pasa den astean bueltatu ginen Alpeetan zehar burutu dugun trekkingetik", erantsi dute sare sozialetan. Hainbat mendi, bailara eta glaziar zeharkatu dituzte, "zenbat bazter basati eta bizipen". Hori dela eta, esperientzia "ahaztezina" izan dela ziurtatu dute. "Eskerrik asko etorri zineten guztioi bidaia polit hau borobiltzeagatik! Aupa zuek!". Irudi guztiak aurki igoko dituzte mendi taldearen webgunean.
Hurrengo ekintza potentea, Gorobel mendi ibilaldia izango da. Data aurreratu dute dagoeneko: azaroak 10. Ohi bezala hiru etapa prestatu dituzte: handia (41km) ,ertaina (21km) eta txikia (11km):
Argazkiak: Mendiko Lagunak
Testua: Izar Mendiguren Cosgaya