Aspaldidanik gizarte kolektibo askok aurreikusten genuen egoera agerian gelditu da egun hauetan: Eusko Jaurlaritzaren eskola publikoetako sukaldeak kudeatzeko sistemak akats handiak ditu.
Horrela adierazi du Konpetentzia Bermatzeko Agentzia Publikoak, 18 milioi euroko isuna jarriaz sukaldeak kudeatzen dituzten sei catering enpresei.
Hortik harago joanda, orain dela 10 urtetik hona gizartean gero eta ardura handiagoa daukagu gure eskoletako jangeletan gertatzen ari denarekin. Janariaren kalitate eza, atzetik dagoen negozio erraldoia (850 milioi euro 8 urtetan) eta eskolek euren sukalde propioak kudeatzea eskatu dutenean gobernutik jasotako ezetz borobila.
Aspektu horiek guztiek, Eusko Jaurlaritzaren 2000 urteko agindu baten barruan daude eta gizartetik agindu hori aldatzeko premia dagoela adierazten ari gara aspaldidanik.
Aginduan ez da goitik berako aldaketa bortitz bat eman behar. Kudeatzeko beste era batzuk aintzat hartzeko tokia utzi beharko litzateke soilik. Eskola bakoitzak autonomian irabazteko eta erabaki ahal izateko bere jangelan ematen diren jakiak, tokikoak, garaikoak komertzio txikikoak, ekologikoak eta eskolan bertan prestatutakoak izango direla.
Momentu hau ezin aproposagoa da gure aspaldiko aldarrikapen hori berriz ere kalera ateratzeko. Horregatik Legebiltzarraren aurrean batuko gara gaur (martxoak 3) bertan agindu hori alda dezaten eta aukera berriak lantzeko prozesuak haz daitezen.
Animatu eta parte hartu!