Kolpea eman dit buruan erratzaren makilarekin.
-Ai! –kexatu naiz, minik egin ez badit ere.
-Zu ere hasi behar al zara niri errua leporatzen?
-Herritarrok zerbait egin izan bagenu, seguru ez zela horrela egongo.
-Bai, espaloi gainean besoak antxumatuta geratu izan ez bazinete zuetako asko… baina ez niri esan ezer egin ez dudanik. Nork uste duzu berrasmatu zuela leku hau uholdeen ondoren, edo bete zuela kulturaz, edo salatu zuela kultur etxearen kudeaketaren pribatizazioa edo parkea gauez ixteko saiakera, edo… ?
-Zuk, Mari? –galdetu diot, burlaizez.
-Eta beste askok. Baina zuek ez, agi denez.
Lamuza parkeko eraikinak garbitzera bidali gaituzte oraingoan Mari eta biok. Garbitu daitezkeenak, noski, itxita eta erortzear baitaude batzuk. Laster, gehienak. -Beno, baina seguru orain arazoa konponduko dugula. Jende askok eman du bere sinadura - esan diot, konbentzimenduz.
-Seguru. Hori bai, parke honetara Ogasunari nire errenta aitortzera natorren egunean, zu eta zure sinadura guztiak madarikatuko ditut.
Eskuetan utzi dit orain erratza. Jiratu eta kanporantz alde egin du.
-Nora zoaz? –oihukatu diot.
-Nire soldata igotzearen aldeko sinadura-bilketa antolatzera, baboa!