Azken asteotan, Francesca, Sun eta Leandrorekin hizketan aritu behar izan dut, denek ala denek haien jaialdietan nahi zutelako erakutsi guk egindako ikus-entzunezkoren bat. Hemen sortu diren istorioak ikusi berri dituzte Italian, Brasilen eta Hego Korean. Euskaraz paseatu dira Daniel, Ipar, Thelma edo Leire Erroma, Rio de Janeiro edo Seuleko kaleetan, geure mundu ikuskeraren arropak jantzita, geure buruari buruz berbetan haiei buruz bezain beste. Edo, bestela esanda, haiei buruz berbetan, guri buruz berba egiten dutelako.
Izan ere, mundu osora zabaltzeko euskara ez baita traba, beste edozein hizkuntza ez den bezala. Azken beltzean, artea, ezer bada, komunikazio ariketa basati bat baita, geure errealitatea ulertzeko ahalegin gaur egun kasik desesperatu bat.
Horrenbestez, ezinbestean sortzen dut euskaraz, euskaldunekin hitz egin nahi dudalako. Eta euskaldunekin hitz egin nahi dudalako entzun nahi naute planetako edozein txokotan.
Nolanahi ere, izan gaitezen zintzoak. Euskarazko sorkuntzaren ozeanoan ez da falta hortz zorrotzdun tiburoirik: erakundeek baliabide gutxiago jarriko dituzte euskarazko sorkuntzaren eskuetan; behin eta berriro azaldu beharko duzu zergatik ez duzun erdaraz sortzen; atzera begiratzeko joera handiegia daukan kultur itsaso batean egin beharko duzu igeri; eta ia ikusezina izango zara zeure herrian, zeure herriko hizkuntza erabiltzen duzulako.