1999an Batzorde Olinpiko Internazionalak kirol bezala aitortu zuen xakea, baina mendeak dira jokatzen hasi zenetik. Denbora luze horretan emakume bakar batek lortu izan du 10 jokalari onenen artean egotea, Judit Polgar hungariarra. Zergatik ote?
Erantzun erraza, arrazoi estatistikoengatik; kirol hau praktikatzen duen gehiengoak gizonezkoak badira, logikoa da pentsatzea emaitza onenak lortzen dutenak ere gizonezkoak izatea. Baina demontre, goazen harresi hori puskatzera behingoz!
Orain arte, xake tablero bat oparitzea alabari, semeari panpin bat oparitzea bezain normala zen. Eskerrak pixkanana arrakala hori murrizten goazela eta geroz eta gehiago hedatzen ari dela kirol honen zaletasuna emakumeen artean.
Horren adibide, asteburu honetan egingo den Euskadiko emakumezkoen xake txapelketa da, 22 jokalari bilduko dituena Laudioko Kasinoan larunbata eta igandera bitartean. Urtero, txapelketa honek gainditzen du bere langa partaideen kopuruaren aldetik, eta agerian uzten du emakumeak baduela bere lekua xakean.
Txapelketak irauten duen bitartean, Laudio xake taldeak beste ekintza batzuk antolatu ditu, kasinoaren terrazan; larunbat goizean zaletuentzako txapelketa, larunbat arratsaldean aldibereko partidak Irene Menéndez Arabako txapelduren eskutik, eta igande goizean 14 urtetik beherakoentzat txapelketa. Izen emateak laudioxake@gmail.com helbidean.