Gentza Zabala Udaeta-ren II. omenaldia: “Ellakuri, emakumezko futbol festa”

Erabiltzailearen aurpegia Miren Orueta Martinez 2015ko eka. 17a, 11:19

FITXA TEKNIKOA

Nerbioialdeko Selekzioa: Irantzu, Sandra, Joana, Miriam (Orduña), Carbajo, Santisteban, Ane (Orduña), Sharon (gola, 49 min), Nagore, Vallejo (Ugao), Irune, Menoyo, Nekane, Jone, Cristina, Estibaliz (Orduña), Bergado (Ugao), Yarritu (Pauldarrak), Landaluce, Angela eta Judit.

Gasteizko Aurrera taldea: Larra, Maria, Orma, Garazi, Marina, Naiara, Egea, Ane Miren, Ainara (gola, 72 min), Aroa, Andrea, Pelaez, Maialen, Libe, Erika, Paula, Gomez eta Janire.

Arbitroak: Jose Antonio Teixeira Vitienes, Unai Arregi, Iñaki San Juan eta Iñaki Saez De Adana.

 

Iaz bezala, aurten ere Gentza Zabala Udaetaren II. omenaldia dela eta Ellakuri futbol zelaian Nerbioialdeko neskek partidu bat jokatu dute, Gasteizko Aurrera-ren kontra. Nerbioaldeko selekzioa CD Laudioko neskek osatu dute Ugao, Orduña, Pauldarrak eta Athleticeko jokalari batzuek lagunduta. Markagailua 1-1 geratu da. Berdinketa zuzena emaitzan, baina baita zelaian ere. Bi taldeek kalitate handiko neskak dauzkate eta partidu ederra egiten saiatu dira 90 minutuetan.

Bi taldeak zelaira kanporatu direnean, txaloak baino ez dira entzun. Futbol zelaiko harmaila jendez gainezka egon da azken minutura arte. Partidua hasi aurretik, zelai erdian neskak elkartuta, minutu bateko isilunea egin dute Gentza Zabala oroituz arbitroak, Jose Antonio Teixeira Vitienesek, hasiera eman arte. Lehenengo zatian Aurrerak aukera asko izan ditu, hainbat alditan aurkariaren atera heldu baitira. Baina Nerbioaldeko neskek defentsa ederra lortu dute partidu osoan, Joana Arranzek, gaur arte Athleticeko jokalaria izan denak, babestuta. Atsedenaldi ostean, Sharonek eta Vallejok bikote bikaina osatu dute eta 4 minutu baino ez dira falta izan Sharonek Nerbioaldeko markagailua igotzeko. Hala ere, Aurrerak ez du amore eman eta gogor jo du 72. minutuan markagailua berdinduaz, Ainararen golarekin. Azken 18 minutuetan aukerak izanda ere, ez batak ez besteak ez dituzte aprobetxatu eta berdinketa batekin geratu gara Ellakurin. Bi taldeek partiduaren kontrola banatu dute eta zelaian izugarrizko jokaldiak ikusi ahal izan ditugu. Benetan kalitate handiko partidu bat izan da.

Hortaz, emaitza zuzen bat, non bi taldeen kiroltasuna eskertu behar dugun. Gainera, emakumezkoen futbolak ahal duela erakutsi digute. Emakumeak izan arren, guk ere futbola maite dugula eta kalitate handiko jokalari bihurtu gaitezkeela. Hau guztia eta urte osoan egindako esfortzuengatik eskerrak eman behar dizkiegu. Partidu zoragarri hau egiteagatik. Azken finean, arrazoi nagusiena Gentza oroitzea zen eta futbol festa honekin zerutik, edo dagoen lekutik irribarre gozoa eragin diogu. Gentzak CD Laudioko nesken ibilaldia hasi zuen, Paco Leon, Jone Cormenzana eta Leire Menoyorekin (hasieratik eta oraindik CD Laudion jarraitzen duten bi neskak) batera. Lagun ederra izateagatik beti gogoratuko dugu Gentza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide