Laudio Ikastolak prentsa ohar baten bitartez jakinarazi duenez guraso eta langile talde bat martxan jarri da ikastolarena izango den taberna bat Laudion irekitzeko asmotan. Berau Pio XII kalean egongo litzateke kokatua, Nerbioi kaleranzko pasabidean, bere garaian Basajaun taberna kokatzen zen tokian hain justu. Halere, taberna honen funtzionamendua Laudioko jaiek irauten duten denbora tartean baino ez da erabilgarri izango, hots, abuztuaren 15etik 17ra eta 21etik 25era bitarte, goizeko 11etatik goizaldeko ordubietara.
Ikastolako arduradunen esanetan: “Ikastola herrira hurbiltzea eta herriko ekimen ezberdinetan parte hartzea behar beharrezkoa ikusten da herriko beste eragile sozio kultural bat delako, euskara eta euskal kultura plazaratzea helburu duelarik. Ikastola herriko agente guztientzako topaleku eta erreferentziazko gunea izan nahi du ikastolaren izaerarekin bat egiten duelako, ikastolaren jaiotzetik Ikastola herrikoia izan nahi duelako.”
Halaber, Ikastonbola ekimena jarri dute martxan, tabernan bertan gauzatu ahal izango dena, euro baten truke sari ziurrak nahiz Onieva enpresak eskainitako hiru edari-lote zozkatuko direlarik.
Ikastolak eskerrak eman nahi izan dizkio, era berean, proiektuan musutruk laguntza eskaini duten langile, guraso nahiz ikasle zein ikasle ohiei, baita lokalaren jabeari, ikasle ohia bera. Bertan parte hartu nahi izanez gero edo edozernolako laguntza eman nahi izatekotan ikastolak telefono bat luzatu du: 653724624