I. Alde Hemendik Eguna ospatuko da Laudion

Erabiltzailearen aurpegia Edorta Moreno Martin 2013ko eka. 12a, 11:21

Datorren larunbatean, hilak 15, Euskal Herriko hainbat eragilek I. Alde Hemendik Eguna izendatu duten jardunaldia ospatuko dute Hegoaldeko hamaika herritan “atzerriko indar okupatzaileen” presentziaren kontra protesta egiteko. Antolatzaileek adierazi dutenez “Euskal Herrian makina bat errepresio kasu eragin dituzte Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak eta oraindik jarraitzen dute herritarrak jazartzen; Euskal Herrian zabaldu den garai berri honetan beraien presentziak inoiz baino zentsu gutxiago duen arren.”

 

Datorren larunbatean, hilak 15, Euskal Herriko hainbat eragilek I. Alde Hemendik Eguna izendatu duten jardunaldia ospatuko dute Hegoaldeko hamaika herritan “atzerriko indar okupatzaileen” presentziaren kontra protesta egiteko. Antolatzaileek adierazi dutenez “Euskal Herrian makina bat errepresio kasu eragin dituzte Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak eta oraindik jarraitzen dute herritarrak jazartzen; Euskal Herrian zabaldu den garai berri honetan beraien presentziak inoiz baino zentsu gutxiago duen arren.”

 

Jardunaldiok eragina izango dute ere gure eskualdean, haien jomuga Laudioko Goardia Zibilaren koartela izango delarik. Izan ere, Alde Hemendik Egunaren bultzatzaileek diote Aiaraldean Goardia Zibilaren etengabeko jazarpenak jasan behar izaten dituztela herritarrek: auto zein trenetako mihaketak, etengabeko irain eta mehatxuak... Izatez, Espainiako poliziek, Goardia Zibilak eta Polizia Nazionalak, 4000 kontroletik gora egin omen izan zituzten iaz Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuaren arabera EAEn 3060 goardia zibil eta 1520 polizia nazional daude, urteroko 500 milioi euroko kostua dakartenak, bizi dugun krisi egoeran dirua xahutzea litzake honakoa jardunaldion bultzatzaileen aburuz.

 

Antolatzaileek bestelako datuak ere plazaratu izan dituzte jardunaldion beharra argudiatzeko. Azken 50 urteotan Goardia Zibilak 119 euskal herritar erahil izan ditu eta Polizia Nazionalak beste 82, horietatik 11 torturen ondotik. Torturei dagokionez, 1947tik gaur egunera 10000 kasutik gora izan direla dioskute, horien artean 50 aiaraldear leudekeelarik, gehienak torturatuak izan ostean askatuak izan zirenak.

 

Laudioko koartelak ez dauka udalaren baimenik herriaren erdian kokatua egoteko eta, antolatzaileek salatu izan dutenez, berau bi ikastetxe publikoren alboan dago kokatua, ikasleek eta, orobat, handik pasatzen diren oro goardia zibilen presentzia armatua pairatu behar izaten dutelarik. Azken urteotan gainera poliziak hainbat hiritarri oldartu izan dira, zaurituak ere bat baino gehiago izan direlarik.

 

Laudioko Alde Hemendik mugimenduak Espainiako gobernuari honako aldarrikapen hauek luzatu nahi izan dizkio larunbat honetako jardunaldiekin: Laudioko koartela itxi eta Aiaraldean Goardia Zibilak duen presentzia errotik moztea eta Goardia Zibilak nahiz Polizia Nazionalak Hego Euskal Herrian dituzten azpiegitura eta jarduera guztiak deuseztea.

 

Jardunaldiotan izango diren ekintzak zerrendatzera pasako gara zuzenean:

 

Ekainak 14, ostirala: 19:30etan mahaingurua kultur etxean Goardia Zibilaren jazarpena jasan behar izan duten aiaraldearren lekukotasunarekin.

 

Ekainak 15, larunbata: 19:30etan herri mobilizazioa Herriko Plazatik abiatuta. Horren ostean, kontzertuak izango dira gaztetxean Bortitz, Habemus Papam eta Napalm H.C. taldeen presentziarekin.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide