Iragan apirilean ekimen bat burutu zen Untzueta mendian, bertan kokaturiko gazteluaren “nafartasuna” aldarrikatzeko. Normalean, diplomatikoa izaten saiatzen naiz bestelako iritziak dituztenekin baina gaurkoan diplomazia etxeko armairuan utziko dut nahita ahaztuta, zeren eta, nire aburu apalean, Aiaraldea Komunikazio Leihoak Untzuetako ekitaldiaren harira egindako bideoan agertutakoa hitz bakar batekin defini daiteke: erridikulua. Erridikuluak hori eta Nafarroako Erresumaren oroimenez, euskal nazionalismotik Euskal Herriaren kontzientzia nazionalaren “betierekotasuna” justifikatzeko, egiten diren ekitaldi, ekimen eta abar folkloriko guztiak. Eta harriak alde batera zein bestera botako ditut, erridikuluak baitira oso espainiar nazionalistek espainiar nazioaren genesia bisigodoen garaian ezartzeko edota frantziar jakobinoek “nos anciens, les gaulois” delakoekin beste hainbeste egiteko darabilzkiten legenda eta gezurrak.
Gaur egun dugun nazioaren ideia, politikoa nahiz etnikoa, XIX. mendeko asmakuntza bat da, Aintzinako Erregimenaren errautsen gainean eraikitako zibilizazio burgesaren fruitua. Frantziar Iraultza baino lehen existitzen ziren estatuak errege-leinu konkretu batekiko leialtasunean bateraturiko jaurerriek osatzen zituzten, edozein muga linguistiko, kultural nahiz geografikoren gainetik. XVI. mendean flandriar zein milandarrak Mantxakoak bezain espainiar ziren euren lurraldeetako jauntxoak Filipe II.a Habsburgokoaren menpeko ziren heinean.
Euskal Herria nazioa da, zalantzarik gabe, hori ez dago justifikatu beharrik eta berezko du autodeterminaziorako eskubidea. Egi borobil honi zilegitasuna emateko historia modu txapuzero batean manipulatzeko beharra baldin badugu gaizki gabiltza oso.