Neolitoa dugu, industrializazioarekin batera, gizadiaren historian aldaketarik sakonenak ekarri izan zituen iraultza nagusia. Une horretara arte talde txikietan banatuta ehiza eta bilketari esker bizirauten zen gure espezieak nekazaritza eta abeltzaintza aurkitu zituen eta, ondorioz, aberastasun ekoizpenak nola jabetza metaketa eta kontzentrazioak sekulako azelerezioa bizi izan zuten, pixkanaka jabetza kontzentrazio hark klaseen sorrera, banaketa eta hauen arteko borroka ekarri zuelarik. Lehen, ehiztari-biltzaile aske zirenak lurraren jabeen esklabo bilakatuz joan ziren belaunaldi eta menden joan etorriaren poderioz. Hasiera batean, klan eta tribuetan egituraturiko gizarte berdinzale horren errautsetatik jabedunen tresna izango zen estatua joan zen jaiotzen.
Giza gainegiturari dagokionez, neolitoak, hau da, gizarte oinarri ekonomikoaren eraldaketak, eraldaketa sakonak ekarri zituen, erlijioa klase-banaketa prozesu horren justifikatzaile eta zilegitzaile bilakatu zelarik. Ez da harritzekoa garai honetakoak izatea, arestian aipaturiko prozesu guzti hori aurrera zihoanekoak, Kristo aurreko laugarren edo bosgarren milurtekoak, Europa Mendebalde guztian, baita Euskal Herrian, mendi-zelaietan nonahi aurki daitezkeen trikuharri, menhir edo mairubaratzak. Neolitoko komunitateetako buruzagien hilobi. Aiaraldea inguruetatik megalitismo honen adibide franko aurki daitezke, Gorbeia aldean batik bat. Gabonetan, eguzkia laino artetik ateratzera ausartzen bada, egizue txangotxo bat eta egin bisitatxoa Kurtzegan, Abaroa, Larraluze, Egileor, Arlobi edo Pagozarretako jentilarriei. Ikusgarriak dira.