Ez nuke nahi nire lantzean behineko zutabe honek nolabaiteko asepsia historikoa alde batera uztea. Ezta, dibulgaziozko lerro sorta “serio” izatetik, literatur edo poesiazko txoko bat izatera pasatzerik ere. Baina, gaurkoan, egunkari errespetagarri honek uzten didan izkinatxo hau barne-barnetik datorkidan gogoeta batekin bete nahiko nuke.
Deigarria da historialari nahiz adituek ez direnek, atzera begira jartzean pairatzen dugun miopia kronikoa, hainbat dozena dioptriadun betaurreko mardulenek ere sendatuko ez luketena. Historiaren hari luzean errege, jeneral, ministro eta orotariko aberaskumeak ikusten ditugu, Nafarroako Antso III., Espartero, Wiston Churchill edo Alexandro Handiaz mintzo gara. Horien azpian, pertsonaia handiok eutsiz eta jasanez, egondako milioika gizaseme izerditu eta odolduak gupidagabe ahazten ditugu. “Erroma bikain hura garaipen arkuz beterik nork altxatu zituen?” galdetzen zuen erretorikoki Bertolt Brechtek bere olerkietako batean.
Gure eskualde honetako historia noren historia izan da? Noren historia behar du izan? Elexazarreko parajeetan duela bi mila urte burdina ustiatzen eta forjatzen jardun ziren esklaboen historia; mendeetan zehar euren ahalegin eta nekez Aiarako lurrak ureztatu eta zorutik garia ernarazi zuten laborariena; Urduñako amildegien ertzean otsoaren beldurrez gau lanbrotsuak pasatu zituzten artzainena; Gaztelak Bilbora eta Bilbotik Gaztelara tonaka merkantzia garraiatu zituzten zamariena; Andaluzia, Gaztela, Galizia nahiz Euskal Herritik bertatik etorrita, altzairuzko fabriketan euren bizitza isuri zuten langileen historia... Goraintzi zuoi.