Erdi Aroaren bukaeratik 1876ra arte euskal oligarkia landatar eta hiritarraren pribilejioak babesten zituen lege sistemak, foruak alegia, hauei loturiko salbuespen fiskal eta militarrak, kaparetasun unibertsala, instituzio eta legedi propioak... Ideologikoki justifikatzeko XV eta XVI. mendeetako euskal intelligentsiak hainbat mito historiko sortu izan zituen, espazio arazoak direla kausa behar bezala azaldu ezin ditzakegunak: vascocantabrismoa, vascoiberismoa, tubalismoa... eta abar.
Lope García de Salazar banderizoak bere Bienandanças e Fortunas liburuan kondaira horietako bat aipatzen du. Antza, IX. mendean, bizkaitarrak Asturiar-Leondar Erresumarengandik independizatu nahi izan zuten eta, horretarako, Eskoziako erregearen biloba zen Jaun Zuriari laguntza eskatu zioten. Bizkaitarrak eta asturiarrak Arrigorriagako gudan borrokatu ziren. Lehenengoek irabazi zuten eta Jaun Zuria izendatu zuten Bizkaiko lehen Jauna, euren lege eta usadioak errespetatzearen baldintzarekin. Jaun Zuria asturiar gudaroste garaituei segika ibili zen Luiaondoraino eta bertan bere ezpata ezarri zuen lurrean, Malato Zuhaitzaren ondoan, hain zuzen. Horrexegatik, zuhaitz honen iparraldean Gaztelako erregeek ez zuten aurrerantzean gerretarako miliziarik erreklutatzeko eskubiderik izango. Hots, bizkaitarrak soldaduska egitetik salbuetsita egongo ziren.
Esan beharrik ere ez dago Arrigorriagako guda, Jaun Zuria eta enparauak Euskal Probintzien (Provincias Exentas delakoan) zuhaitz forala mantentzeko mitoak baino ez zirela, helburu politikoekin egindako Historiaren faltsutze bat. Geroztik kolore guztietako interesek errepikatu duten ohitura bat.