Duela zenbait urte, Uhinak Irratiko Ojod’agila umorezko magazinean, Laudion “asociación pro casco viejo” bat sortu behar zela hasi ziren, txantxetan, aldarrikatzen. Orain Aldai Plaza dena ez zegoen oraindik eraikia eta, bertan, aparkalekua zegoen, askok gogoratuko dutenez. Ojod’agilakoek aparkalekua harriztatu behar zela zioten, eta pare bat baserri-edo eraiki, merkatua egiteko toki pintoresko bat atondu...
Txantxak alde batera utzita, onartu beharra dago tamalgarria dela herri honetan ondareari urtetan zehar izan diogun begirune falta. Aranzadik han-hemenka jarritako panelei edo Kofradiak banatutako liburuetako argazkiei begiradatxo labur bat ematea baino ez daukagu: duela mende erdiko Laudio gaur egungo Laudiotik argi-urteetara dago. Eraikin batek zahar itxura duenean, urtikaria-edo sortzen digula dirudi, eta arrapaladan jotzen dugu berau orube dotore bihurtzera; Campoprecioso edo Montebonito higiezinek zero askoko prezioetan etxebizitzak eraiki ditzaten, eta, askotan, ezta hori ere. Horregatik, hain zuzen, dira horren txalogarriak ondarearen zainketaren nola ezagutzearen alde sortatzen diren herri ekimenak (sustraietatik herritarrak), instituzioei askotan belarritik tira egiten dietenak atentzio eske eta atentzioa deituz. Eurei nire zorionik zintzoenak zuzendu nahi dizkiet.
Eskerrak eman nahiko nizkieke ere, egunkariak eskaintzen didan txoko labur zein preziatu hau baliatuz, hilabeteotan Ermuko Andra Marin (also known as Santa Luzia) induskatutakoa, bisita gidatuen bitartez, Laudioko zein Laudiotik kanpoko jendarteari helarazten aritu direnei. Eskerrik asko gure herriaren ahaztutako historia partzelatxo hori plazaratzeagatik.