Bihar, maiatzaren lehenaren karietara, eskualde mailako manifestaldia deitu du LAB sindikatuak Laudion “Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria” leloaren pean. Honakoa Lamuza Enparantzatik abiatuko da eguerdiko 12:00ak aldera.
Manifestazio honen bitartez sindikatu abertzaleak krisiaren aitzakiaren pean gobernu ezberdinek burutzen dituzten neurri murriztatzaileak eta politika neoliberalak salatu nahi ditu, gehiengoaren pobretzea eta gutxi batzuen pribilegioen mantentzea bermatzera baino ez datozela argudiatuta.
LABek Aiaraldeari loturiko analisi bat ere kaleratu du eta honen bitartez salatu nahi izan dute krisia 2008an hasi zenetik %120 igo dela gure eskualdean langabezi tasa; 3 389 lagun daude jadanik langabezian Aiara eskualdean horietatik %52a pasatxo emakumezkoek osatzen dutelarik. Igoera kezkagarri honen zio nagusia bailarako lantegi gehienek kaleratu izan dituzten EREak direla uste dute LABekoek eta datuok okerragora jo dezaketela ere iazko etenezko espedienteak aurtengoan suntsiketazkoak bihur baitaitezke. Honi loturik biztanleriaren pobretzea eta lan-eskubideen txarragotzea azpimarratu nahi izan dute LABetik, Araba zein Bizkaian lan eremuko hitzarmen kolektiboak suntsitzen ari baitira.
Sindikatu honetako ordezkari den Koldo Urkixok Aiaraldea Irratian egindako adierazpenetan gatazka hauei batasunez aurre egitearen beharra nabarmendu zuen eta Guardianen kasua jarri zuen eredu gisa, bertan Laudioko herri guztia egon baitzen inplikatua haren aburuz.