Datorren asteazkenean, apirilak 17, preso politikoen nazioarteko eguna izango da eta, horren harira, zenbait erakundek hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herrian eta nazioartean. Askapenak, bere aldetik, elkarretaratzea deitu du apirilaren 17 horretan, arratsaldeko 19:30etan, Laudioko Lamuza Plazan “Munduko preso politikoak kalera” leloaren pean. Deialdira Ernai eta Herrira batu dira. Horretaz gainera, Laudioko udaletxean, Bazter eta Ilargi tabernetan eta Amurrioko Herriko Tabernan postontziak jarri ditu Askapenak saharar preso politikoei gutunak idatzi eta bertan sartzeko.
Ez da, hala ere, Askapena izango gure eskualdean egun honi begira ekintzak antolatu dituen erakunde bakarra. Amurrioko Hauspoa elkarteak, bere aldetik, Harrera elkartearen aurkezpena gauzatuko du apirilaren 17an arratsaldeko 19:30etan. Harrera preso ohiei laguntzeko sortu den elkartea dugu, presoak kaleratuak direnean lanik eta kotizaziorik gabe aurkitzen dutelako euren burua kasurik gehienetan.
Hauspoak ere Punto de Fuga kolektiboa aurkeztuko du hurrengo egunean, hilak 18. Erakunde honek urteak daramatza kartzelei eta presoei loturiko problematikak gizarteratzen eta hauen inguruko kontzientzia pizten.