Saratxon kokatuta dagoen Deguisa enpresako langileek greba hasi zuten astelehenean, martxoak 4, eta bost egunez luzatu zuten ostiralera arte; enpresak soldata jaitsiera bat egiteko asmoa baitzuen ekoizpena handitzeaz gainera. Murrizketa hauek bataz bestez %15ekoak izango ziren arren %30era ailegatzen dira enpresan lanean urte gehien daramaten langileen artean. Hori gutxi balitz, 2007tik soldatak izoztuta izan dituztela salatu izan zuten langileek, urte horretatik ez baitzaie KPIa eguneratu, hortaz, enpresak zor nabarmena du bere soldatapekoekin. Euren esanetan iragan asteko greban lantegian dihardutenen 60 langileetatik hiru baino ez dira lanera Joan.
Grebaren ostean baina enpresak erabaki du ez duela soldata berriztapenik izango, hots, langileek orain arteko soldata mantenduko dutela 2013 eta 2014. urteetan ere. Gainera, greba egunetan galdutako ekoizpena kausa izandako diru galera langileekin duen zorretik deskontatuko du enpresak. Langile batzuk baina pozik agertu dira behintzat lana eta soldata mantentzen dutelako, eskualdeko beste hainbat eta hainbat enpresetan gertatzen ez denaren antzera.