Bi urteren bueltan hemen dugu berriz ere Korrika, 18.a honakoa, datorren martxoaren 14ean Andoainetik atera eta hamar egunen ostean Baionan bukatuko dena. Baina Korrikari ez doakio loturik soil-soilik lasterketa bera, azkeneko edizioetan bestelako hainbat ekintza kultural gehitu behar baitzaizkio azken honi.
Horren harira, Korrika Kulturalaren barruan, bertso saio bat izango da datorren otsailaren 28an, arratsaldeko 19:30etan Arrañope Tabernan AEK-k, Bertsozale Elkarteak eta Aiaraldeko Bertso Eskolak antolaturik. Unai Mendibil gai-jartzailearen zuzendaritza pean lau bertsolari arituko dira zortzikotik hamarrekora doan doinu, errima eta neurri abaniko amaigabe horretan galduta Izar Mendiguren, Ainhoa Comas, Ruben Sanchez eta Paula Amilburu.