Urte osoa igaro eta gero berriz ere izango da San Blas azoka Aldai plazan. Larunbatean egingo dute ohiko azoka eta festa, otsailaren 2an. Bihar, izatez, Terentzio VI. txerriaren aurkezpena egingo dute goizean Herriko Plazan ostegunero antolatzen den merkatuan.
Azoka goizeko 10:00etan irekiko da, hainbat ekintza nabarmenduko delarik: Euskal Oiloaren erakustaldia, baserri-lanabes eta eskulangintzaren erakusketa eta salmenta, umeentzako jolasak, urritz makilen lehiaketa... Azken ekimen horretan parte hartu ahal izateko goizeko 11:30ak baino lehen aurkeztu behar dira makilak. Bestalde, odolostegintza, umeentzako asto gaineko ibilaldiak, musika giroa Fi ta Fik eta Aretako Txistulariekin, harrijasotzaileak eta aizkolariak ere izango dira, bestak beste. Lehen orduan antzinako zahar etxetik Aldai plazaraino Terentzio VI. txerria gurdi batean eramango dute txerriaren erreketa eta garbiketa egiteko.
Eguerdiko 13:00etan Arlotes abesbatzaren kantaldia izango da eta 13:15ean Maria Ines Landazuri eta Jose Maria Larrinaga Laudioko baserritarrei omenaldia egingo zaie. Ordubete geroago-edo, 14:00etan XIV. txarripata-lehiaketaren sari-banaketa egingo da.
Arratsaldeari dagokionez, 18:00etatik aurrera, Laudioko Dantza Taldearen eskutik erakustaldia izango da, gaztain-dastaketa, txokolatada eta kinielak.
Azkenik, arratsaldeko 20:00etan Terentzio VI.ren pisaketa egingo da eta 20:30ean zozketa.