LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak) sindikatuak gogor salatu du prentsa ohar baten bitartez Kider S.A. taldeak dituen hainbat lantegitan egin behar duen lan erregulaziorako espedientea, zeinaren ondorioz 163 langile izango diren kaleratuak, hauetatik gehiengoa honako lantegiotan kokatuko litezkeelarik: 57 Barakaldokoan, 39 Amurriokoan eta beste 50 Murgakoan. Gainera, enpresak beste 60 langile kaleratu zituen iaz hainbat bideri jarraiki LABek salatu duenez.
Sindikatuak dioenez "langileak soilik beren kapitalaren errentagarritasunean oinarrituriko enpresa estrategia baten biktima izaten ari gara, azken urte hauetan beren patriketara joan diren mozkin eskergak ahaztuta".
Era berean deitoragarritzat hartu dute enpresak kaleratzeko jakinarazteko erabili izan duen bidea, enpresa komiteak eta komunikabideak une berean informatuz, langileei berria jakinarazteko komite ezberdinek denborarik izan ez dutelarik.
LABek ere adierazi du mobilizazioaren alde joko duela lanpostu guztiak bermatzeko bide bakar gisa baitakusa.