Okondoko Udalak beharrean dauden herritarrentzako ohe artikulatu batez eta garabia mekaniko batez osaturiko laguntza teknikoa utziko du maileguan. Hala, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak euren etxean geratzeko aukera eskaini nahi dute, senitartekoek nahi izanez gero, senitartekoon bizi kalitatea hobetze aldera eta gabeziok dituzten pertsonengan osasun arazoak ekiditeko, arnas aparatuari eta gihar zein hezurrei dagozkienak batik bat. Gailuok era egokian erabiliak izan daitezen zaintzaileek hainbat argibide bete behar izango dituzte, udalak prentsa ohar batez jakinarazi izan dituenak.
Zerbitzua Okondoko herrian erroldatuta dauden pertsonentzat lihoake bideraturik; funtsean euren bizitzako jarduera garrantzizkoenak gauzatzeko mugikortasun mugapen larriak dituztenentzat eta, ondorioz, hirugarren pertsona baten laguntza behar dutenentzat hain zuzen. Behin behineko gabeziak lituzketen pertsonek ere tresnok eskuratzerik izango lukete, ebakuntza baten ostean gabeturik daudenak kasu. Eguneroko Bizitzako Oinarrizko Jarduerez (EBOJ) eta hauek betetzeko ezintasunaz ari gara betiere: ohetik altxatzea, janztea, jatea, norberaren esfinterra kontrolatzea eta abar.
Zerbitzu hau jaso nahi izango zukeen norbait balego bere ezintasuna frogatuko duen egiaztagiria aurkeztea baino ez luke, Okondon erroldatua egotearekin batera noski. Eskaera epemuga urte guztian zehar hedatu du udalak; honen truk 50 euroko fidantza bat ordaindu behar izango delarik betiere ekipoaren berme gisa. Zerbitzu hau urtebetez eskainiko litzaioke gehienez, betiere lehentasunezko beste eskaerarik ez balego; bi eskera baleude gizarte-langilea arduratu beharko litzateke gaixo bakoitzaren larritasunak baloratzen eta lehentasunak markatzen. Ohearen beharra desagertzerakoan senitartekoek berau udalari bueltatu beharko liokete, bai eta udalak zerbitzu hori gizabanako konkretu bati eskaintzeari uztea erabakitzen badu ere. Familiak eta gabetuak, halaber, ohea egoera onean eta beste inori mailegatu gabe mantentzeko konpromisoa hartu beharko dute.