Mintzalagun zein berbalagunen egitasmoek bultzada eta arrakasta nabaria izan dute, ez soilik gure eskualdean, baizik eta Arabako probintzia guztian ere, 1000 personatik gora daude izena emanda taldeotan, herri gehienetan presentzia dute eta gizartearen sektore ezberdinentzako espezializaturiko taldeak ere sortzen hasiak dira (Gurasolaguna, Gaztelaguna, Skypelaguna…), hamaika ekintza osagarri burutzen dituzte (afariak, irteerak, txangoak, ikuskizunak…).
Egoera ikusita Arabako berbalagun/mintzalagunek bilkura bat egitea erabaki dute urriaren 20an, larunbata, Murgian (Zuia).
Ekintzak goizeko 10:30etan hasiko dira ongi etorri ekitaldi batekin. Segidan, 11:00etan, Zuia inguruetatik ibilaldia egingo da bertoko eta Euskal Herri guztiko kondairak kontatu egingo direlarik. Gero, 12:30etan, mintza lehiaketak egingo dira esaera zaharren, pasahitzen eta palindromoen norgehiagokak egingo direlarik. Bazkariaren aurretik, ordu biak aldera, kantu jira egingo da herriko kale eta tabernetan zehar, segidan bazkaria egingo delarik (azken honetan parte hartzeko norberaren herriko mintzalagun/berbalagunaren dinamizatzailearekin hitz egin beharko du, hilak 16 baino lehen, bazkarira joango den edo ez ziurtatzeko). Bazkalostean, 16:30etan, bertsoak, antzerkiak eta kantu esketxak egingo dira.
Arratsalde partean, 17:30etan, Azido Folkloriko taldearen dantza ikuskizuna gauzatuko da eta 20:00etatik aurrera kontzertuak Liskarra eta Garraxika taldeekin.