Bihar, hilak 25, desarrollismoaren eta kontsumismoaren kontrako ekintza bat egin izanagatik epaituak izango dira lau gazte Donostian, horien artean Aretako gazte bat dagoelarik.
Ekintzaile hauen epaiketaren zioa aurtengo urtarrilaren 5ean egindako ekintzan datza, izan ere, Irungo Txingudi merkatal guneko porlanezko bidoi batzuetara kateatu ziren Errege Magoz jantzita zihoazelarik. Gazte hauen defentsan egin izan den taldeak prentsa ohar batean adierazi duenez “egungo sistema ekonomiko xahutzailea (…), baita AHT eta Jaizkibelgo superportua, Zubietako errauskailua, lurraldearen neurrigabeko urbanizazioa eta nekazaritza lurren hondamen larria” bezalako aspektuak salatu nahi izan zituzten. Errege mago hauek honakoa zioten: “Horregatik --zioten Errege Magoek--, merkatalgune erraldoi honetan geldiune irmo bat egiteko erabakia hartu dugu, kontsumo eta asialdiko makro-zentro hauek egungo jendarte moldeak eragiten dituen gehiegikeria aseezinen eta egunerokotasun gogaikarriaren ikur direlako: nagusi dira hemen ibilgailu pribatuan mugikortasun bortxatua, zakarreriazko salgaien kontsumoa bultatzen duen kitzikadura, nortasunik gabeko ingurune geroz eta homogenoagoak jendartean areagotzen duen harremanen hustuketa… Egia aitortzeko, geroz eta itogarriago eta zentzugabeago gertatzen zaigu bizimodu modernoaren erritmo frenetikoarekin eta inposaketekin moldatzea, dena beti azkar egin nahi eta behar horrekin”.
Kateatu eta gutxira suhiltzaileek eta ertzainek bertatik askatu zituzten eta atxiloturik eraman. Bide segurtasunaren bortxaketa leporatzen diete lauei.
Epaiketa dela eta auzipetutakoen lagun eta senideek kontzentrazio bat deitu dute bihar eguerdiko 12etan Donostiako Atotxa Epaitegiaren aurrean.