Orain arte Basaurira bide luzea egin behar bazuten ere hemendik aurrera Orozkoko bizilagunek Laudioko garbigunean egin ahal izango dute birziklatzea udalak Aiarako Koadrilarekin aurrera eramandako elkarrizketen ondotik.
Beraz, une honetatik aurrera orozkoarrek garbigune zerbitzua erabili ahal izango dute astelehenetik larunbatera bitarte goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitarte eta igandeetan 9:00etatik 13:00etara. Honako garbigune hau, udalak adierazi izan duenez, eraikuntza enpresa, denda eta banakoentzat egongo litzateke oro bat bideraturik, hala, normalean erabiltzen diren edukiontzietan sartuko ez ziren objektuak (altzari zaharrak, egurra, etxeko tresnak, olioak, txatarra, ontziak, papera, kartoia, hondakinak.…) bertara eramateko aukera egongo litzatekeelarik. Guztira zabor guzti horiek 27 familia ezberdinetan banatuko litezke, euren tamaina eta izaera kontuan hartuta.
Era berean, udalak garbigunearen erabileraren arauak biztanleriari ezagutarazteko kanpaina bat eramango du aurrera ohiko bideen bitartez: iragarki tabloiak, udal buletina, web orria…