Datorren igandean, hilak 8, Aberri Eguna ospatuko da Iruñean Independentistak sareak deiturik. Hala, Aiaraldean sare honek duen ordezkaritzak eskualdeko abertzaleak deitu zituzten herenegun Urduñako Foru Plazan egindako elkarretaratzean festa horretara joan daitezen. Era berean, igandean balkoietan ikurrinak eskegitzeko deialdia luzatu dute.
Halaber, Euskal abertzaletasunaren barruan hainbat sentsibilitate politikoko jendea biltzen duen talde honek aurtengo Aberri Egunak duen garrantzia azpimarratu izan nahi du Gaztelako tropek Nafarroako Erresuma beren gain hartu izan zutenetik bostehungarren urteurrena bete izanagatik. Independentistak sarekoek adierazi dutenez “Historiak emaniko ikasgairik garrantzitsuena etorkizuna, egunez egun eraikitzen dela izan delakoan gaude. Guk, zuek, nik edo zuk gaur egindakoaren arabera, idatziko da etorkizunean historia.”