Orozkoko udalak Aqualia enpresari eman dio herriko uren kudeaketa burutzeko eskubidea hurrengo bi urteetarako, lau urtetara hedatzeko aukera egongo delarik. Uraren mantenu, kontserbatze eta ustiatze eskubideak eman izan zaizkio beraz Ibarra eta Manzarraga auzoetako kudeaketa hidraulikoko estazioetan; Zetolar, Urigoiti eta Adaroko ekipoetan eta, halaber, herriko ur horniketa sistema guztia osatzen duten biltegietan.
Era berean uraren baitan aurkitzen diren kloro kantitateak, nolabait, orekatzeko sistema bereziak ere ezarri izan dira aipaturiko Urigoiti eta Ibarrako zentro horietan. Neurri honekin “etxeetara iristen den uraren kalitatea bermatzea” dute helburu udalean Josu San Pedro alkatearen esanetan.