Orozkoko Museoa duela urte batzuk sortu izan zen, XVIII. mendeko Legorburu jauregian ezarririk, Gorbeialdeko zein Orozkoko bizitza tradizionala eta haraneko ondare historikoa esposizio iraunkor baten bitartez ezagutzera emateko. Museoan ferrategi baten funtzionamendua, inguruko jantzi tipikoak, ikus-entzunezkoak… ikus daitezke eta baditu, horretaz gain, bestelako ekintza batzuk ere (bisitariak ardi latxa bat jetzi dezake adibidez), gainera hainbat mendi irteera antolatzen ditu urtean zehar.
Museoaren inguruko iazko datuak kaleratu berri ditu Orozkoko udalak prentsa ohar baten bitartez. Datuon arabera iragan urtean 5.377 pertsonek bisitatu zuten Orozkoko Museoa; Begoña Olabarria kultur zinegotziaren esanetan hauetako gehienak Gorbeialdetik txangoa egiten arituriko turistak eta herriko bizilagunak direlarik, Araba eta Bizkaiko gune ezberdinetatik ailegaturiko eskoletako umeek ere paper garrantzitsua hartuko lukete hor, izan ere, bisitarien hirurena baino gehiago osatzen dute.
Bisitarien izaeraren bestelako aspektu batzuei so egiten badiegu ikus dezakegu nola gehienak bizkaitarrak izan baitiren (%83), arabarrak atzetik doazelarik (%10,84). Estatu mailan madrildarrak eta katalanak izan dira, gehien bat, museoa bisitatu izan dutenak.
Bestalde, museoak bisita gehien jaso izan dituen urte sasoiak ekaina (659) eta abendua (617) izan dira. Bisitariok, ordubeteko bisitaren ostetik nahiko edo oso pozik ateratzen zirela onartu izan zuten (%80 inguruk) eta hamarretik bederatzik beste lagun batzuei gomendatuko zietela esan zuten baita ere.