Udalak jakinarazi berri duenez, Latiorroko Altzarrate plazan lanak egiten hasiak dira dagoeneko, eta eremua itxirik egongo da lanok irauten duten artean, hau da, aurreikuspenen arabera uztailaren 23ra arte. Plazaren birmoldaketak bi helburu ditu udal-gobernuaren esanetan: gune publiko berri eta zabal bat sortzea eta trenbidearen azpiko tunelari loturik irisgarritasuna hobetzea, legediak hala aginduta.
Horregatik, udalak Latiorroko bizilagunek jasan beharko dituzten zenbait galarazpen eta arazo aurreikusi ditu lanek iraungo duten denbora-tarte horretan. Jesus Guridi inguruetara ailegatu ahal izango da Kamaraka kalera iristeko eskaileren bitartez. Extremadurako Etxearen ezkerrean dauden eskailerak itxita egongo dira, eta Eskutxi kalera egoitza horren eskumara dauden eskaileretatik iritsi beharko da. Eskutxi kalea eta Teléfonica arteko aldapa irekita egongo da eta Kamaraka kalera igotzeko eskaileretan irristatzeak ekiditeko prestaturiko arranpa bat jarriko da. Ezintasunak dituztenek Txindoki kaletik edota Carlos Larrea urbanizazioetatik joan beharko dute Latiorrora.
Era berean, oinezkoei arazoak ekiditeko kamioien sarrera eta irteera zebra-bideetatik urrun egingo da.