Otsailean zehar irekiko da 2012-2013 ikasturteko aurrematrikulazioak egiteko epea, 2009-2010 urteen artean jaiotako aurrei zuzenduak egongo direnak batik-bat. Aurten, urtero legez administrazio publikoek, foru aldundi zein udalek, kanpaina bat jarri dute martxan matrikulazio horietan D eredua sustatzeko. Honakoan "D bitamina, aberastu bere heziketa!" lelopean burutu izan du kanpaina hau udalak, horretarako matrikulazio mota hau aukeratzera gonbidatzen duen mezu instituzional bat igorri izan zaiolarik herriko familia bakoitzari, haurrentzako neurgailu bat opari daukalarik gainera.
Kanpaina honek mahai gainean utzi du berriz ere jada ezagunak ziren hainbat eta hainbat afera, horien artean euskara zein gazteleraren ezagutza egokia bermatzen duen eredu bakarra dela aditu askoren aburuz. Gainera, bi hizkuntza ezagutzeak erreztasunak ematen omen dizkio haurrari hirugarren hizkuntzarik ere ikasteko. Datuek euren kabuz hitz egiten dute, aurreko arrazoi hauek eta erakundeen aldetik eman izan den bultzadaren ondotik D ereduko matrikulazioek gora egin dute gure artean, era oso nabarmengarrian, azken urteotan.
Iragan urtean EAEn eskolaratu ziren haurren %70ek euskara hutsean ikas zezaten hautua hartu zuten beren gurasoek. Laudion ere hamar umetatik zazpik ikasten du egun euskaraz. Aiaraldeako gainontzeko herrietan berdin antzerako datuak aurki ditzakegu; Amurrion adibidez ikasleen %60,5a dago D ereduan matrikulaturik.