Aski ezaguna denez, datorren azaroaren 20an Espainiar Gorteetarako hauteskundeak egingo dira Hego Euskal Herrian zein Espainiako estatu osoan. Alderdiak jada hasiak dira buru-belarri euren kanpaina-programak lantzen hautesleen bozkak berenganatzeko. Baina alderdiez gain, badira hauteskunde kanpaina horren dinamikan sartzen diren beste zenbait ekimen herritar. Horien artean azkena Laudioko gazte batzuek abiarazitakoa: inongo alderdiren zuzendaritzak eskatu gabe, gazte hauek datozen hauteskunde horietan bozka ezkertiar eta abertzalea sustatzeko 'lip dub' bat antolatu nahi dute Aiaraldean.
Proiektu hori prestatzen duela aste pare bat hasi baziren ere, astelehen honetan, hilak 10, emango dute aipatu ekimen hau ezagutzera. Asanblada irekia deitu dute Laudioko Gure Aukera kultur elkartean arratsaldeko 19:00etarako, hala, besteak beste, lip dub-aren abestia edota ibilbidea erabakitzeko.