Irrintzi taldea iazko irailean mamitzen hasi zen proiektua dugu, Herrikadak taldeko zenbait kidek euren musika estiloari beste ukitu bat emateko erabakia hartu zutenean sortu zena. Punka apur bat alde batera utzi eta beste hamaika estilotako musikak jotzeari ekin zioten eta pixkanaka gure herrietako jaietan euren lekua izaten hasi ziren. Taldearen zabaltze horren adibide gisa duela gutxi grabatu izan duten maketa dugu, Laudioko txoznetan egindako kontzertu baten harira burutu zena.
Taldeko kideen esanetan maketa apurtxo bat "kutre" geratu bada ere hasiera batean uste zena baino hobeto dagoela ere onartu behar izan dute, musikaren kalitatearen aldetik batik-bat. Hala ere, Irrintzik kaleratzen duen lehen bideo-soinu grabaketa izateko nahiko ondo dagoela aipatu beharra legoke era berean.
Etorkizunari begira Irrintzik ilusio handia dauka, urte erdi eskasean Euskal Herri osoan ezagutarazi baita Deba, Mutriku edota Zizur bezalako herri urrunetan ere jotzera iritsi izan dira eta Gasteiz, Errenteria edota Senperen jotzeko eskakizunak dituzte dagoeneko ere eskuen artean. Aiaraldeko taldeen loratze baten lekuko izaten ari gara zalantza izpirik gabe. Irrintzi diru bilketan dabil momentu honetan eurek diotenez estudio batean bideo "dexente" bat grabatu ahal izateko. Ea zortea duten.