Iragan igandean, ekainak 12, Aiaraldeko errugbizale talde batek Gasteizko Gaztedi taldearekin erakustaldi-norgehiagoka bat antolatu zuten Amurrioko Basarte futbol zelaian.
Hara bertaratu ziren neska-mutilek Gaztedi taldeko kideekin entrenatzeko eta kirol honen oinarrizko legeen eta tekniken ezagutza jasotzeko aukera izan zuten. Horren ostean, gasteiztarrek partidua eskaini zuten jarraian otamen bat dastatzeko, bertara hurreraturiko guztientzat eskainia.
Errugbizale talde honek, halaber, hemendik aurrera begira duten beste proiektu baten berri eman dute: Aiaralde osorako errugbi-eskola baten sorrera, hain zuzen ere.
Era berean, talde honetakoek Europa guztian hain jokatua den kirol honekiko interesa gure eskualdean piztu dadin guraria zabaldu dute, baita horretarako lan egingo dutela eta berau bideratzeko tresna gisa euskara erabiliko dutela ere.