Laudioko Harrobia aretoko futbol taldea buru belarri dabil azkenaldian Arabako lehen mailara igotzeko asmoetan, eta horren karietara asteburu honetan Indar-Ori taldearen aurka garaipena lortu beharko dute halabeharrez. Gogoratzen dugu Arabako mailaketan mailaz igotzeko aukeran dauden bi taldeen artean kokatzen dela laudiarra, eta egoera hori lortzeko hamaika ahalegin egin behar izan dituzte Gasteizko “Black Rose” taldearen aurka.
Ligako azken jardunaldi honek garrantzi handia izango du beraz Laudioko taldearentzat. Indar-Ori taldea zerrendako hamabigarrena den arren eta Harrobikoek azken hauek urtarrilean bien artean izandako norgehiagokan 8-0 irabazi bazuten ere kiroletan ezin daiteke, bizitzako beste aspektu askotan bezala, zerriaren okela saldu berau hil aurretik.
Asier Galindez taldeko kapitainak adierazi duenez datorren urteari begira beste bizpahiru jokalari gehiago taldean sartzeko asmoa omen dute eta baita taberna edo bestelako lokalen baten dirulaguntza jasotzea.
Taldea, beraz, igande honetan joango da Gasteizera bertan norgehiagoka jokatzera. Gure aldetik animoak eman nahi dizkiegu, nola ez?, Laudioko taldeari.