Aretako Iturralde kaleko bizilagunek protesta egin diote Laudioko Udalari, idazki baten eta sinadura bilketa baten bitartez, kale honetan duela hainbat hamarkadatik dauden arazo urbanistikoei erantzun diezaien. Gogora dezagun, bide batez, zonalde horretako eraikinak era desordenatuan eraiki zituztela muino baten gainean duela 40 urte baino gehiago. Arazook dituen gunerik adierazgarriena karrika honetako 6. eta 18.zenbakien artean kokatzen da. Auzokideek salatu izan dute, halaber, orain arte udalean izan den gobernu batek ere ez duela arazo hori konpontzeko interesik adierazi.
Egoera txarrena duen lekua 18.portala da bertara iristeko berrogeita hamar bat eskailerez osaturiko bide gorabeheratsu eta bihurri bat igaro behar baita muinoan gora. Kezka sortzen duen beste esparru bat 6. eta 14. zenbakien artean dagoen ibilgailuen sarrera eta irteera gunea da, bertan bidea era nabarian estutu izanagatik oso konplikatua suertatzen baita, ezbeharren bat egotekotan, larrialdi zerbitzuetako ibilgailuen mugikortasuna. Halaber, euria izaten denean muinotik behera jaisten den urak hezetasunak sortzen ditu eraikin hauetako beheko pisuetan. Horregatik, kexu daude bertako bizilagunak eta esan dute udalak baduela arazo urbanistiko horiei erantzun bat emateko moduko plan bat, badakitela hori ez dela udalak duen mota horretako arazo bakarra baina eurek urteak daramatzatela konponbide bat eskatzen eta, hortaz, eurenak premia gehiago duela, baita arazoak larriagoak izanagatik ere.