Topikoek kontrakoa esan dezaketenaren aurka suhiltzaileak ez dira, gehienbat, euren izenak esaten duenera jarduten, suak “hiltzera” alegia; ez behintzat Aiaraldean, izan ere, azken urtean gure eskualdeko langile publiko hauen jardunaren zati txiki bat baino ez da egon su kontuekin lotuta. Zoru garbiketa, altuera kontuekin loturiko arriskuak, gas-ihesak eta mugikortasun arazoei laguntzea izan dira profesionalek egindako lanik ohikoenak. Horretaz gain, suhiltzaileek larrialdien prebentzioari loturiko jarduerak ere bideratu dituzte. Herririk populatuena izanagatik Laudiok suhiltzaileen jardueraren erdia baino gehiago jaso izan du.
Laudioko egoitzan lanean diharduten langile hauek 422 larrialdi jaso zituzten iragan urtean eta, batez beste, hamar minuturen bueltan tardatu izan zuten ezbeharrak jasotzen ziren lekuetara iritsi ahal izateko. Gehien erabili zuten ibilgailua herrietarako bonba kamioia izan bazen ere laudioar suhiltzaileen ekipoa askoz eta zabalagoa da, izan ere, honetaz gain arrisku kimikoetarako prestaturiko kamioi bat, autoeskalera, ur-zisterna, hainbat bonba eta noranahiko ere badituzte.
Hau guztia albo batera utzirik aipatzekoa da baita ere, biztanleria kontzientziatze aldera suhiltzaileek hamaika talde ezberdinen bisitak jaso izan dituztela euren egoitzan (eskoletako haurrak eta abar). Bestalde hainbat hitzaldi eman izan dituzte arrisku hainbaten prebentzioa eta herritarren kontzientziatzea bermatze aldera.