Ez dago Laudio Ikastolako ikasleen animoak itzaliko dituenik. Ekinean ari dira, etengabe, nekatu barik Araba Euskarazen prestakuntzan buru-belarri eta. Hori dela eta, beste ekintza bat antolatu dute ostiral honetarako. Laudion Dolumin Barikua ospatuko da ostiralean eta, Korrikaren gertutasuna dela kausa, giroa bero-bero egongo da. Hori aprobetxatuz ikastolako ikasleek Araba Euskaraz jaiaren propaganda apurtxo bat egiten laguntzeko spot bat grabatzea erabaki dute, eta laudiar euskaltzale guztiei deia luzatu diete bertan parte har dezaten. Ikasleen helburua bertara gerturatzen den ororekin abesbatza erraldoi bat antolatzea da, guztien artean aurtengo Arabako ikastolen jaiaren ereserki bilakatu den Araban Bagare Gontzal Mendibilen abesti hilezkorra kantatzeko. Hitzordua ostiral eguerdiko 12:00etan izango da Lamuza plazan. Hemendik bertan parte hartzera animatu nahi zaituztegu.