Iragan ostegunean abiatu zen hamazazpigarren Korrika Trebiñutik eta, dagoeneko, gure Euskal Herriko hamaika txoko bisitatu ditu: Arabako lautadetan, Nafarroako Erriberan, Pirinioetan zein Zuberoako herrixketan barna ikusi ahal izan ditugu euskalakariak. Aurtengo kantak esaten duen bezala pausoz pauso gelditu barik. Lasterka, arineketan, atxintxiketan, presaka, arrapaladan… baina, betiere, korrika ari dira zazpi herrialdeetan euskaldun euskalakariak, dortsalak euren gorputz enborren gainean jarririk eta euren ezpainetan oihu bakar bat ernatzen delarik: Abaltzisketan, Altzürükün zein Alesbes edo Otsagabian euskararen alde daudela.
Eta tipi-tapa Korrika gure eskualdera iristen ari zaigu orain. Ostiral honetan (apirilak 15), goizeko bostak aldera euskararen aldeko lasterketa erraldoiak Urduñan jarriko ditu bere oinatzak eta, Bizkaia utzita, arabar Aiaraldean sartuko zaigu orduan. Saratxotik Amurriora pasako zaigu une horretan, goizeko 05:52ak aldera (antolatzaileek diotenaren arabera); handik mendebaldera joko dute euskalakariek eta Aiara udalerriko larre berdeen artean egingo dute aurrera. Arespalditzara goizeko 06:30ean iritsiko dira eta euren lasterrari jarraiki Artziniegara 07:28ak direnean. Handik berriz ere Korrika Bizkaiko lurrak hartuko ditu laster-leku gisa.
Egun osoa Bilbo Handian aritu ostean lekukoak berriz ere hartuko ditu aiarar lurrak ostiraleko 23:56ean Arrankudiagara iristean. Handik hegoalderantz jarraituz Arakaldo zapalduko du une labur batzuetan gero Aretara iristeko, gaueko 00:30ak pasatxo direnean. Euskalakariek Laudio bisitatuko dute orduan eta herri horretan, beste guztietan bezala, hamaika buelta eman ostean alde egin behar izango dute. Korrikak berriz ere egingo dio bisita Aretari Laudio utzi ostean. Korrikak ez du hemendik eta bi urtera arte berriz ere Arabako lurrik ikusiko, izan ere, Aretatik lekukoak Orozkora joko du, bertara apirilaren 16ko 01:21ean iritsiko delarik.
Korrikaren inguruan gurean jazotzen den ororen inguruan Aiaraldea.com web-atariak jarraipen zabala egingo du. Ez ahaztu, informaturik egon nahi baduzue gurekin lotzea baino ez duzuela.
Gogoratzen dizuegu informazio gehiago eskuratu izanez gero www.korrika.org web-atariari bisitatxoa egitea baino ez duzuela.
Oroitu zaitezte: Bizi Euskaraz!