Laudioko Udalbatzak Ezker Abertzaleak proposaturiko neurria onartu zuen. Alderdi guztiek eman zuten aldeko bozka PPk izan ezik, alderdi horretako zinegotzien esanetan, ondo zeritzoten proposamenari,baina ez zuten onartu nahi izan Ezker Abertzaleak egin izanagatik.
Halaber, proposamenean hileta horiek egiteko baliagarriak izango liratekeen tokiak zehazten ziren, horien artean hiru dira aipagarrienak: udaletxeko batzar gela, udaletxeko ohiko sala edota Erroke Deunaren Anaidiaren esku dagoen gela, elizako arkupean. Era berean, Udal Lanbide Heziketa Zentroko areto nagusia helburu berdinerako ere erabili ahal izango da baldin eta hiletara jende asko joatea espero bada. Nolakotasun honek bereizten du honako erabakia iragan urtean Amurrion hartu zenarekin. Izan ere, bertan hileta zibilak egiteko aukera onartu bazen ere ez zen ekintza horietara bideraturiko gunerik ez eta araudi zehatzik ezarri.