Atsedenik hartu gabe ari dira Laudio Ikastolakoak aurtengo Araba Euskaraz jaialdiaren prestakuntzan, buru belarri. Aguraingo Lautada Ikastolak Laudiori lekukoa pasatu zionetik hamaika ekimen plazaratu dituzte ikastetxe honetako ikasle, langile zein gurasoek. Honatx prestatu duten azkena: euskal ardoen dastaketa-ikastaroa.
Araba, Bizkaia edota Getariako txakolinak zein Arabako Errioxako ardoak dastatzeko aukera izango dute Basalarrina euskal topagunean egingo den ekimen honetan izena ematen duten guztiek. Jardunaldi hau datorren hilaren 19an egingo da arratsaldeko zazpietatik bederatziak bitarte. Bertan parte hartu nahi duen orok martxoaren 31ra arte, ostegun honetara arte alegia, izena emateko aukera izango du Laudio Ikastolako harrera-lekuan, aldez aurretik zazpi euro ordainduta. Zalantza izpirik gabe zuku goxoez eta euskaraz gozatzeko aukera bikaina honako proposamena.