Iaz bezala aurten ere Aretako herriak Santa Ana jaiak ospatuko ditu uztailaren azken egunetan. Iazkoan argi gelditu zen Laudiotik at bere burua ikusi nahi duen herri honetako jaien harrera eta arrakasta goraka doala etengabe, garai bateko loria hori berriz ere lortzen, hots, berreskuratzen ari delarik. Halere, gure inguruan urtetik urtera nabarmenagoa den Zollo edota Arespalditza bezalako herri txikietako jaien goraldi hori ez da hargatik sortu izan; horren atzetik parte-hartze herritar eskerga eta hamaika boluntarioren bultzada dago, askotan ahaztu egiten zaigun arren. Hori dela eta, aurtengo jaiei zuzen-zuzenean jarri dira begira Aretako bizilagunak; iragan urtean gauzaturikoaren antzera jai arrakastatsuak lortu nahi dituzte bistan denez.
Hori xedetzat harturik, hots, aurtengo jaien antolaketan lehen urratsak eman ahal izateko bilera deitu dute asteazken honetarako, hau da, otsailaren 16rako Aretako kultur etxean (arratsaldeko 18:30tan). Batzar herrikoia izatea nahi dute antolatzaileek eta nahi duen orok bertara jo dezake bere ideia edota iradokizunak komunean jarri ahal izateko. Antolatzaileek, bestalde, posta elektronikozko kontaktu bat igorri izan dute aldez aurretiko komunikazioa errezago bilakatze aldera: aretakojaibatzordea@hotmail.com.
Beraz, badakizue. Parte hartu ahal duzuen eran eta, noski, gora Areta eta Aretako jaiak!