Hastekoa da berriz Arabako Bertsolari Txapelketa. Otsailean zehar jokatuko diren probetan Arabako bazter guztietatik iritsitako hogeita hamar bertsolari inguruk hartuko dute parte, martxoko finalerdietara eta, handik, apirilaren 2an Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den finalera nor pasatuko den jakiteko.
Bertsolari guztien artetik gure eskualdeko lau bertsolarik hartuko dute parte: Serapio Lopez, Ainhoa Comas, Unai Mendibil eta komunikabide honen lankide dugun Izar Mendiguren.
Proba eta kanporaketa horietatik lehena Aiaraldean, Laudion hain zuzen ere, egingo da hil honen hamabigarrenean, eta bertan Oihane Perea, Ricardo Gonzalez de Durana, Xabi Igoa, Alberto Martinez, Bingen Saiz eta Ainhoa Comas izango dira elkarri bertsoka. Gogora ezazue hitzordua, esan dugunez, otsailaren 12an, zapatua, izango dela Laudioko Basalarrina euskal topagunean arratsaldeko 22:30ean. Horren aurretik afaria izango da. Bertan izena emateko honako telefonora deitu (675707971) edo, bestela, araba.sustapena@bertsozale.com helbide elektronikora mezua bidali dezakezue. Laudioz gain Oionen, Asparrenan, Ataurin eta Elosun izango diren kanporaketa hauetan bertsolariek honako proba hauei egin beharko diete aurre hurrenez hurren: binaka gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian lehen proban, eta zortziko handian bigarrengoan; bakarka lehen puntua emanda zortziko txikian bertsoa, eta azkenik neurri librean bertso bana bakarka.
Larunbat honetan, dena den, bertsolari txapelketaren aurkezpena egingo da Gasteizen prentsaurreko baten bitartez. Han egotea espero dugu zuei bertan jasotzen den oro aditzera emateko.